XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Minuta batzuez noiztenka kuluxkatzen zen bere besalkian, pantaila beltzaren aintzinean.

Lokartzeaz beldur zen, gero, atzartzean deus etzuelakoan ezagutuko, bazterren apaindura bera aldatua izanen zelakoan eta presentzia berri batzuek etxea beteko zutelakoan.

Gero, bere lunetak norapait desagertu ziren.

Itsu mandoka ibiltzen zen, mubleak jotzen zituela.

Ubeldura zabalek bere menbro meharrak kurritzen zituzten.

Nola atera etxetik? Etzuen deus guti baizik ikusten.

Orduan, nola buru egin, bakarrik, karrikarekin, bas oihan horrekin?.

Eta nola telefonatu, tresnak etzuelarik gehiago bere burrunba ezaguna ematen, hain ezaguna dena non hor delarik etzaio ohartzen ere?.

Linea ebakia zen. Linea ere ebakia zuten beraz. Ixiltasun hotz gogorra.

Ate batetara jo egitera deliberatu beharko zitaiken.

Bainan Reeves anderea herabea zen, etzuen nehoiz nehori laguntzarik galde egin.

Harmairuan baziren kontserbu batzu.

Jateko aski CLSC-ko erizainaren bisitaren beha igurikatzeko.

Bainan untzi idekitzekoa, nora ote joana zen?.

Nigar malkoak, molde peningarrian, begi akituetarik erortzen zitzaizkion matelen arroiletara.

Arats batez, garbi gelako lavabotik hurbiltzean, mirailaren zolan zutik zen forma xuria ikusi zuen.

Besteak, geroztik, beren ziloetarik etziren gehiago jaliak.

Etzen xuriz jantzi dama baizik eta etxearen ixiltasuna, telebista etzena martxan, telefona linea moztua, luneta desagertuak.

Etzen mintzatzen presentzi horik beti mutuak dira.

Etzuen jestu gaixtorik.

Inoiz etzen jalitzen mirailatik.

CLSC-ko erizaina bere asteko bisitarentzat etorri zelarik, atean etzuen erantzunik. Biharamunean ere ez.

Telefonaz deitu zuelarik, etzuen telefonazko ihardespenik.

Poliziak jin behar izan zuen zerradura bortxatzeko.

Etxe ikaragarriki berotuan usain kirets bat zabilan airean.

Reeves anderea garbi gelan harrapatu zuten, kurioski kokorikatua.

Hanka hautsia zuen erortzean eta etzen xutitu ahal.

Ahulegi zen hain segur ageri baitzen jatea utzia zuela egun andana batez burtxoratua ziteken bapatean.

Erizainak erran zuen hori gertatzen dela, noiztenka, adin haundikoei.

Harrapatu zuten, bitxi zen, azukre untzia ohe sahetseko mahainaren tiretan, eskamazko orraze bat eta bankuko liburuxka bat frigoan.

Erizainak erran zuen batzuetan adin haundiko pertsonek ezin ulertuzko jestu batzu egiten dituztela, horrela.

Ohartu ziren ere telebista piztua zela bainan soinu eta irudiaren botoinak gutienean zirela, eta holaxe etzitekela nihundik ere ezer ikusi edo entzun pantailan zenik.

Galde egiten zuten beren buruari zergatik telefona deslotua zen, zer egiten zuen ote untzi idekitzekoak lehen artatzeetako zakuan eta zergatik ohe azpian altxatuak zituen lunetak.

Garbi gelako miraila puskatua zela ohartu ziren eta erizainak hipotesia bota zuen nola Reeves andereak, bere burua xoratzen ari zitzaiola senditu zuelarik, lavaboari aztaparrez lotu zela eta, hori ezin eginez, buruaz jo zuela miraila, eror araziz.

Zaila zen jakitea zenbat iraun zuen bere agoniak.